Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Ea
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-07-16;´Ez dugu laguntza psikologikorik ematen, akademikoa baizik». Hezkuntza Umeak eskolaratzea da etxez etxe gaixorik dauden haurrei eskolak ematen joaten diren irakasle hauen helburu nagusietakoa. BARTOLOME, GANDARIAS, JAUREGIZAR, ETXEANDIA, ABAUNZA õ . Etxez etxeko irakasleak

bartolome, gandarias, jauregizar, etxeandia, abaunza ðEtxez etxeko irakasleak

«Ez dugu laguntza psikologikorik ematen, akademikoa baizik»

Hezkuntza Umeak eskolaratzea da etxez etxe gaixorik dauden haurrei eskolak ematen joaten diren irakasle hauen helburu nagusietakoa.

itsasne madariaga

Ospitalean zein norberaren etxean izan, gaixo diren umeen hezkuntza zerbitzua indartzeko asmoa dauka Hezkuntza sailak. Etxez etxeko irakasle lanetan dihardute Guadalupe Bartolomek, Maite Etxeandiak, Onintza Gandariasek, Saioa Jauregizarrek eta Ane Abaunzak. Bost irakasleek zerbitzuaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Zer da zerbitzu horrek eskaintzen duena?

Onintza Gandarias: Etxean lantzen diren hiru arloak natur zientziak, hizkuntzak eta historia dira. Oro har, hiru irakasle joaten dira gaixoaren etxera. Etxean dagoen denbora tartean ikasleak haria ez galtzea eta bere ikaskideen maila mantendu ahal izatea da helburua.

Beraz, ez da laguntza psikologikoa eta terapeutikoa bermatzen.

Ane Abaunza: Gure lana arlo akademikora mugatzen da. Izatez, gurea zentro bateratua da eta hiru eremu batzen ditu. Alde batetik, ospitaleko ikasgelak daude, bestetik, etxeko asistentzia, eta, azkenik, unitate terapeutikoa. Gu, ordea, irakasleak gara.

Beraz, zuen lanaren helburu nagusia ondoezik diren haurren integrazioa al da?

Guadalupe Bartolome: Helburua umeak eskolaratzea da. Hala ere, kasu desberdinak daude. Esaterako, ebakuntza batetatik atera berri den haur batekin dihardugunean, helburua ikasturtea ez galtzea eta bere ikaskideek kurtsoan zehar daramaten erritmoa mantentzea izango da. Epe luzerako gaixotasunetan, aldiz, helburua ikasle bizitza mantentzea eta irakaskuntzarekin harremana izaten jarraitzea izango da.

Ane Abaunza: Nahiz eta behin-behineko helburua akademikoa izan, beti uztartzen dira beste aspektu batzuk.

Gaixotasun batzuekin ez duzue lan erraza izango.

Bartolome: Hezkuntza derrigorrezkoa da eta gaixorik dauden ikasleek ere hezkuntza duin bat jasotzeko eskubidea dute. Denbora luzez etxean dauden umeek erritmoa galtzen dute eta ohitura falta somatzen zaie. Asko nabaritzen da beraien adineko umeekin egon beharrean helduen munduan dabiltzala.

Maite Etxeandia: Nahiz eta helburu akademikoak lortzen dituzten, sozialki asko galtzen dute.

Eta zer egin daiteke egoera horren aurrean?

Abaunza: Nire ikasle batek lau urte daramatza ohean eta ezin da eskolara joan. Hori dela eta, iaztik, bere ikaskideak etortzen dira binaka bisitaldiak egiten gure eskola orduetan. Izan ere, luzarorako gaixotasunetan harreman fisikoa oso garrantsitzua da.

Etxeandia: Hala ere, egoera batzuetan, gaixotasunaren arabera, harreman fisikoa mantentzea arriskutsua izan daiteke, eta gutunak eta bestelako baliabideak erabiltzen ditugu lagunarteko harremanak ez galtzeko.

Batzutan, diziplina pixka bat jartzea beharrezkoa izaten al da?

Gandarias: Batzuetan ordena apur bat jarri behar izaten da, ezin baitzaio utzi haurrari erritmoa eramaten. Hala ere, normalean ez da beharrezkoa izaten. Irakasleak etxera heltzen garenerako haurrak gosalduta, dutxatuta eta jantzita egoten dira. Eskolara joaten diren gainerako haurrak bezala, ume hauek 09:00etarako prest egoten dira, eta hori berez helburu bat da.

Zeintzuk dira desberdintasun nagusiak?

Saioa Jauregizar: Oro har, ume hauek ohitura falta izaten dute. Batez ere, erritmoa galtzen dute eta klase orduak luzeak bihurtzen zaizkie.

Bartolome: Esaterako, nire ikasle batek 9 urte ditu eta izugarri nabaritzen da ez dela bere adineko umeekin egoten. Besteak beste, ez dauka irudimenik. Datorren ikasturtera begira, azken eskola orduetara eraman nahi dugu, pixka batean baino ez bada ere, bere lagunekin egon dadin. Ezinbestekoa da ume batentzat bere adinekoekin harremanak mantentzea. Ez da ona izaten uneoro helduekin egotea.

Nork egiten ditu tutoretza lanak?

Jauregizar: Haur edo gaztetxoa bere eskolako ikaslea da eta ez zerbitzuko ikasle. Beraz, ikastetxeak berak markatzen du erritmoa, zer landu behar den eta nola landu behar den, alegia. Bestetik, bai egin behar izaten ditugu tutoretza lanak, harremanak zelan lantzen diren, adibidez. Harremanak mantentzea ez baita erraza izaten ume hauentzat.

Kasu horietan, teknologia berriak lagungarri izaten al dira?

Etxeandia: Bai. Gaur egun dauden baliabideek askoz ere aukera gehiago eskaintzen dituzte. Horrez gain, gutunak bidaltzen dituzte eta bisitak ere programatzen ditugu.

Jauregizar: Bi edo lau hilabeteren buruan zaila da harremana galtzea, baina bizpahiru urtez etxean egon behar dutenentzat, harremanak zailagoak dira.

Zein da ume batek etxez etxeko laguntza pedagogikoa jasotzeko jarraitu beharreko prozedimendua?

Abaunza: Lehenengo eta behin, argi geratu behar da eskaria borondatezkoa dela. Gaixoaren familiak txosten mediko baten bitartez egiten du eskaria. Ikastetxeak idazki bat egiten du eta Hezkuntza sailera bideratzen du. Kasua onartzen baldin bada, guri heltzen zaigu eta guk martxan jartzen ditugu ditugun baliabideak.

Zer suposatzen du ume batekin harreman zuzena izateak?

Gandarias: Klaseko lagunartean dagoen ume batek eta bakarka dagoen ume batek jarrera desberdina daukate. Etekina ere askoz hobea da.

Abaunza: Umearekin igarotzen duzun denbora luzeagoa da eta, beraz, errazagoa da sor daitekeen arazoa konpontzea. Eta, noski, askoz ere tratu pertsonalagoa mantentzen da ikaslearekin eta familiarekin.

############

Etxean gaixorik dauden ikasleek ere hezkuntza duin bat jasotzeko eskubidea daukate

Luzaroko gaixotasunetan harreman fisikoa mantentzea oso garrantzitsua da

############

############

Nahiz eta gure helburu nagusia akademikoa izan, beti uztartzen dira beste aspektu batzuk

############

############

############

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.