
MARIASUN LANDA ðHerrijeri emon arnasa taldeko kidea
«Literaturari, kulturari eta bizitzari buruz ariko gara Ean»
Kultura Mariasun Landak asteburuko Poesia Egunak antolatzen lagundu du, 'Herrijeri emon arnasa' kultur elkarteko kideekin batera.
Miren korta
Herrijeri emon arnasa elkarteak ekitaldiz jositako Poesia Egunak antolatu ditu Ean, zapaturako eta domekarako. Euskal literaturaren jardunaldiak «Gabriel Arestiren lana berpizteko eta publikoari idazle ezagunak eta hasiberriak hurbiltzeko erronka» dauka aurten, Mariasun Landak azaldu duenez.
Nola sortu zen Ean Poesia Egunak antolatzeko ideia?
Ideia Larrabetzuko Literatura Eskolan sortu zela azpimarratu nahi dut, bertan zegoen Karmelo Landa eatarraren eskutik, hain zuzen ere. Eskolako kideek Gabriel Arestiri omenaldia egin beharra ikusi zuten eta Eako Herrijeri emon arnasa kultur elkarteari proposamena luzatu zioten. Horrela, lehenbiziko bizpahiru urteetan elkarrekin antolatu zituzten Poesia Egunak.
Zenbat urte daramazue Poesia Egunak antolatzen?
Aurten bosgarren urtea dugu eta aukeratu dugun leloa teknologia berrien erabilpenaren harira dator. `Ea.Poesiaegunak.Bost´ leloak gaur egun hainbeste erabiltzen diren helbide elektronikoen eredua jarraitzen du. Beraz, Poesia Egunek bosturtekoa beteko dute aurten, eta horren inguruko ospakizun txikia prestatu dugu.
Zein da Poesia Egunen antolakuntzagaz lortu nahi duzuen helburua?
Helburuak anitzak dira. Alde batetik, ondo pasatzea legoke. Bestetik, poesia publikoari hurbiltzea oso helburu garrantzitsua iruditzen zait. Poesia ez da ulertezina eta garaiz kanpo dagoen zerbait. Herritarrei poesia eguneroko erantzunak bilatzeko eta bizitza interpretatzeko modua dela azaldu nahi diegu. Hori dela eta, aurtengo egitarauan idazleen eta proiektuan parte hartzen duten bizilagunen izenak parekatu ditugu. Ildo hori jarraituz, eztabaidak eta mahainguruak prestatu ditugu. Gure asmoa da salatzea, probokatzea eta modu naturalean eta zentzudunean berba egitea kulturari, literaturari eta bizitzari buruz. Guztia Gabriel Arestik utzi zigun hazia ahaztu barik.
Poesia, musika, zinea, mahainguruak, ibilaldiak... Egitarau erakargarria prestatu duzue aurten. Nola lortu duzue?
Gure izaera eta ditugun baliabideak kontuan hartuta osatu dugu egitaraua. Aurtengo irizpide nagusia urtean zehar lanak publikatu dituzten poetak gonbidatzea izan da. Batzuk azkenean ez dira Ean izango, baina gure aldetik saiatu gara guztiak ekartzen. Aurten ere, Nora Ancalora kataluniarrak ekoitzitako `Harresi ostean pareta´ filma proiektatuko dugu. Bertan, Koldo Izagirrek eta Erramun Landak Salvador Puig Antichen omenez egindako poemak azaltzen dira. Laburra ederra eta poetikoa iruditu zaigu eta, bide batez, kontzientziak astintzeko balio duela uste dugu. Bestalde, Zinar Ala musikari kurdua ere izango da, Pen Club nazioarteko idazleen elkarteari esker. Izan ere, Kurdistanen bi dira heriotz zigorrera kondenatuak izan diren idazleak, eta Ala Euskal Herrian izan da gertaera horren salaketa egiteko. Ibilaldiek, berriz, Arestiren lanen ildoa jarraituz, herriko ondareak berreskuratzeko asmoa daukate. Ean XVIII. mendeko burdinola ederra sasi artean dago eta bertako kultur elkarteak eta herritarrak hori berreskuratu nahian dabiltza. Beraz, ibilaldia egingo dugu burdinolaraino eta bertan gaiagaz lotutako Arestiren poemak irakurriko dituzte, martxari sinbolismoa emateko, hain zuzen. Gero, paper fabrikaraino joango gara, paperak Arestigaz eta idazleekin orokorrean lotura daukalako. Ibilaldia ibaiertzetik egingo dugu, beraz, herriko espazio naturalak erreibindikatuz.
Zelako harrera espero duzue publikoaren aldetik?
Uste dut lehen kanpoko ekitaldia bezala hartzen zutela, baina gero eta gehiago ari dira inplikatzen. Gainera, herriko ekimena da, esfortzu handia eskatzen duena. Beraz, guk gaian interesa duten guztiei luzatzen diegu gonbidapena.
Ean izango den idazle bat azpimarratzekotan, zein aukeratuko zenuke?
Bertan izango diren idazle gehienak ez dira izen handiak ezta ibilbide luzekoak ere, baina den-denak dira beharrezkoak. Literatura biziak aniztasuna eskatzen du. Hala ere, Koldo Izagirreren `Emakumeak trena hartu zuenekoa´ hitzaldia interesgarria iruditzen zait. Izagirrek, sinbolismo literarioaz baliatuz, emakumeak geltokian geratu izan garela azalduko du, aitak, nebak edo senarrak alde egiten zutela ikusiz. Nire ustez, Koldo figura garrantzitsua da gaur egun, beste askorekin batera, hala nola, Otamendi, Sarasola, Castillo edota Miren Ibarluzea. Hala ere, azpimarratu nahi dut Poesia Egunetan parte hartuko duten guztiak interesgarriak eta beharrezkoak ditugula. Hori da ekitaldiaren filosofia eta aurten parekidetasun horrekin jolastu nahi izan dugu. Guk ez ditugu AEBtatik izarrak ekarri nahi, baizik eta gure artean literatura sortu.
Esan duzun bezala, aurten Salvador Puig Antich omenduko duzue. Zelako balorazioa egiten duzu bere irudiari buruz?
Salvador Puig Antich antifrankista handia izan zen. Mutil gaztea zen eta berak sufritu zuen frankismoak egindako azken exekuzioa. Mutil xumea eta sentibera modu krudelean eraila izan zen eta hori gogoraraztea nahi dugu, berriro gerta ez dadin.
Gonbidapenik luzatu nahi al duzu?
Asteburuan Eara hurbiltzen diren guztiei eskertu nahi diegu euren presentzia. Gure helburua modu lasaian eta naturalean, akademizismotik urrunduz, literaturarako gunea sortzea da. Horretarako, bertakoak eta kanpotik datozenak gonbidatu nahi ditugu, denon artean giro ederra sortzeko. Interesa dutenek egitarau osoa kontsultatu dezakete `www.poesiaegu-nak.net´ webgunean.
############
############
############
poesia egunak
Bi eguneko egitaraua izango dute.
Uztailak 19
10:30. Hitzaldia udal aretoan: `Emakumeak trena hartu zuenekoa´. Hizlaria: Koldo Izagirre. Ondoren, ibilaldia ibaiondotik burdinola eta paper fabrikarantz. Musika lagun, Arestiren poemak.
15:00. Bazkaria Bedaronan.
16:30. Bazkalosteko tertulia: `Poesia extra zer den´. Parte-hartzaileak: Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola eta Castillo Suarez. Gidaria: Miren Ibarluzea.
20:30. Beletxen, Arestiren oroitarrian: `Erretratuak´, Asier Serranoren musika eta poemak.
22:00. Eako moilan filma: `Poesiazko ilara´. Irakurleak: Jon Arano, Aintzane Galardi, Oier Guillan, Karmele Igartua, Fertxu Izquierdo, Ibai Iztueta, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Castillo Suarez, Ainhoa Unanue. Musika: Jon Piris eta Mikel Romero. Ondoren, Zinar Ala musikari kurduaren emanaldia.
Uztailak 20
10:30. Mahai-ingurua udal aretoan: `Idazlearen ahotsa, norentzat, zertarako?´. Parte-hartzaileak: Iñigo Aranbarri, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez. Gidaria: Xabier Mendiguren.
13:00. Poesia irakurraldia eta musika Talan. Itxaro Borda: `Ogella line´. Musikariak: Esther Gabiola eta Uritze Laka.
15:00. Bazkaria Natxituko bolatokian.
17:00. Musika eta testuak, Ermintxo hotelean. Bihotz Bakartien Klubaren eskutik, Katamalo.
############
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.