
`Oceana Ranger´ontziak Busturialdeko itsas-barrena aztertuko du astebetez
Ingurumena Herenegun aurkeztu zuen Oceana elkarteak Bizkaiko kostan egingo duten ikerketaren berri.
egoitz atxikallende
Oceana elkarteak Bizkaiko kostaldean egingo duen espedizioaren nondik norakoak azaldu zituzten herenegun arratsaldean, Biboko itsas museoan.
Oceana nazioarteko elkartea da eta mundu osoko ozeanoak babesteko eta berreskuratzeko egiten du lan. Elkartean lan egiten duten itsas zientifiko, ekonomilari, marinel eta abokatuek legedian aldaketa sakonak egitea lortu dute. Aldaketa horiek «itsasoaren kutsadura eta arrantza stock-en kolapsoa» ekiditeko balio izan dutela dio elkarte horrek. Oceanak 300.000 laguntzaile ditu 150 herrialdetan banatuta.
2008ko espedizioa
Ekainaren 1ean hasi zuten espedizioa Vigon (Galizia), eta Euskal Herrira 500 milia eta 40 toki aztertu ondoren heldu dira. Hainbat ekosistema mota eta habitat aztertu eta lagindu dituzte bidean. Asturiaseko uretan, esaterako, orain arte sailkatu gabeko koral espezie bi aurkitu zituzten.
Euskal Herriko uretan egingo duten ikerketaren helburu nagusia itsas-barrena aztertzea eta dokumentatzea da, ondoren beronen egoera ezagutu eta habitat garrantzitsuenak detektatu ahal izateko. Horrekin batera, itsas babesleku berriak sortzeko toki onenak zeintzu diren jakin nahi dute `Oceana Ranger´ katamaraneko ikerlariek.
Elkarteko arduradunek herenegun egin zuten prentsa agerraldia. Bertan, Unai Basurkok ere bat egin zuen Oceanaren asmoekin.
Bizkaiko kostaldean ikerketak San Juan de Gaztelugatxe, Matxitxakoko lurmuturra eta Izaro uhartearen inguruan egingo dituztela jakinarazi dute. Atzo hasi ziren lan horrekin, eta datorren martitzenera arte ariko dira lanean.
Epe luzerako proiektua
Katamaraneko eskifaia 14 lagunek osatzen dute. Haien artean itsaspeko agazkilari eta kameralariak, itsas zientifikoak, robot kontrolatzaileak eta sukaldaria daude, besteak beste.
Espedizioa Europako itsasoak ezagutzeko proiektu zabalago batean dago kokatuta. Helburua, Europar Batasunak 2012. urterako hartuta dituen konpromisoak beteko dituela ziurtatzea da. Hau da, 2012rako gutxienez itsas azaleraren %10a babestuta egotea. Konpromiso hori Nazio Batuek bultzatutako Biodibertsitateari buruzko akordioan dago zehaztuta.
`Oceana Ranger´ ontzia
1986an eraiki zuten ontzia osasun zerbitzuak emateko helburuarekin. Mikronesia aldeko itsasoetan ibili zen Oceana elkarteak erosi eta ozeanoen ikerketarako eta zaintzarako egokitu zuen. Ontziak 23,5 metroko luzera eta 10,5 metroko zabalera ditu.
Ontziak ozeanoen ikerketarako baliagarri diren hainbat teknologia erabiltzen ditu. 600 metro murgildu daitekeen ROV edo urrutitik kontrolatutako robota, adibidez. Horiez gain, itsas azpian filmatzeko eta argazkiak egiteko makinak zein ur zein itsas-barreneko laginak aztertzeko beharrezko laborategi eta materialak ditu.
Aurton Ozeano Atlantikoan eta Kantauri itsasoan egingo duten ikerketaren antzekoa egin zuten Mediterraneo itsasoan iaz.
Ikerketa hartan lortutako datuak oso baliagarrian izan direla azpimarratu dute Oceana elkarteko kideek.
Antzerkia
ATE JOKA
GERNIKA-LUMO, Lizeo Antzokian - 2008-11-21
Bestelakoak
GOI-ZALE MENDI TALDEA: URTEKO BATZAR OROKORRA
GERNIKA-LUMO, - 2008-11-21
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.