
Urdaibain bizi direnentzat aukera berriak sortu behar direla dio EAJk
Politika Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak eta Andoni Ortuzar BBBko presidenteak hitzaldia eman zuten zapatuan.
maite orue
Hainbat lagun batu ziren joan den zapatuan Elai-Alai aretoan, Batzokiaren 100. urteurrena ospatzeko EAJk antolatutako berbaldian. Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusia eta Andoni Ortuzar jeltzaleen Bizkai Buru Batzarraren presidentea izan ziren hizketan eta, aurreikusita zegoen legez, eskualderako iragarri dituzten azpiegiturak zein Guggenheim museo berria izan zituzten hizpide, besteak beste. Ortuzarrek Urdaibain bizi direnentzat aukera berriak sortu behar direla azpimarratu zuen, etorkizuna bermatze aldera. «Natura eta giza-garapena uztartu behar» direla eta ezin daitekeela paisaia pertsonen gainetik kokatu esan zuen.
Jose Luis Bilbaok iragarri berri dituzten egitasmoak defendatu zituen bertaratutakoen aurrean, eta datozen urteetan eskualdean 500 milioi euroko inbertsioa egingo dutela aipatu zuen. Inbertsio hori museo berria eta Sollubeko eta Autzaganeko tunelak egitera bideratuko dute.
Muxikako FINSA-Inama enpresa ere izan zuen berbagai Bilbaok. Enpresaren lekualdaketa laster errealitate izan dadila espero duela esan zuen Ahaldunak, baina ez zuen zehaztu eskualdetik kanpo joango den edo Muxikako poligono berrian kokatzea aurreikusten duten. Industriagune horren garrantzia aipatzeaz gain, datozen bostpasei urteetan martxan izango dela iragarri zuen, «eskualdearen garapenerako».
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.