
Poesia Egunek idazle eta zale ugari bildu dituzte asteburuan, Ean
Ea Herrijeri emon arnasa kultur elkarteko kideak dagoeneko datorren urteko edizioa prestatzeko gogoz azaldu dira.
Miren korta
Urtero legez, Eako kaleak irakurzaleez bete ziren asteburuan herrian antolatzen diren Poesia Egunetan. Herrijeri emon arnasa kultur elkarteak antolatuta, jardunaldiak idazle ezagunak eta hasiberriak bildu zituen jarduerez jositako egitarauan. Kultur elkarteko kide Mariasun Landak aurreratu duenez, jardunaldien arrakasta ikusita, antolatzaileak hurrengo «gaiak eta gonbidatuak» prestatzen hasteko gogoagaz daude dagoeneko. «Idazleek aitortu ziguten oso gustura zeudela» eta baten batzuk, Itxaro Bordak egin bezala, «hurrengo edizioan egoteko interesa erakutsi zigun».
Karmelo Landa gogoan
Landak antolakuntzaren nondik-norakoak azaldu ditu. Izan ere, gonbidatu gehienak Ean egon arren, antolatzaileek «bereziki sentitu» zituzten azken orduko hutsegite batzuk izan zituzten. «Irati Jimenez eta Aintzane Igartua gaixo zeuden eta ezinezko egin zitzaien gurera etortzea».
Arrazoi ezberdinak direla medio, beste bi izen bota zituzten faltan Eara hurbildu zirenek: «Karmelo Landa behin eta berriz aipatu zuten, bera Poesia Egunen sortzailea delako eta ezin izan zelako bertan egon», Mariasun Landaren esanetan. Bestetik, Edorta Jimenezek utzitako hutsunea ere nabaria izan ze. «Ingalaterran dago lanean», antolatzaileek argitu zutenez.
Poesia Egunek apurka-apurka lortu duten oihartzunak herrian beharrizan berriak sortu dituela uste du Mariasun Landak. «Eztabaida batzuk laburtu genituen ez zegoelako leku nahikorik Kultur Etxean». Izan ere, «poesia-zale ugari» hurbildu dira asteburuan Eara eta jardunaldiek «hedabideen interesa» piztu dute azken aldian. Beraz, Landak kultur elkartea lanean aritzeko eta beharrezkoa den materiala batzeko leku aproposak eskatu ditu.
Eatarren lana
Poesia egunek «bi motatako ekitaldiak» uztartu dituzte. Alde batetik, «poesia entzunaldiak eta irakurraldiak» eta, bestetik, «eztabaidak eta mahainguruak» izan dira. Bertan ziren idazleek prestatutakoaren «maila handia» ikusteko aukera izan zuten. Hala ere, hori guztia aurrera ateratzeko behar-beharrezkoa izan da herritarren parte-hartzea, Landak aitortu duenez. Izan ere, Poesia Egunak laguntzeko «isiltasunean lanean aritu diren eatarrak» gogorarazi ditu. Antolatzaileek herritarren lana eskertu nahi dute horrenbestez: «asko izan dira gonbidatuentzako jatekoak prestatzen lagundu dutenak, besteak beste».
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.