
ana omagogeaskoa ðOmago dietetika denda
«Momentuko dieta batek azkenean ez du ezertarako balio»
Gizartea BUSTURIALDEKO HITZAren webgunean irakurleek proposatutako galderak erantzun ditu Ana Omagogeaskoak.
erredakzioa
Gernika-Lumoko Omago dietetika dendan lan egiten du Ana Omagogeaskoak, eta, uda sasoian elikadurarekin eta osasunarekin lotutako galdera eta zalantza asko sortzen direnez, horiek argitzen lagundu du.
Zein motatako bazkariak dira egokienak udako hilabeteetan?
Depuratzeko eta garbitzeko, udaberrian hasita, onena frutak, barazkiak, entsalada eta ura udatea, litro eta erdi egunean. Fruitu sikuak egokiagoak dira neguan jateko, kaloria gehiago dituztelako.
Udara begira askok egiten ditugu dieta azkarrak. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Momentuko dieta batek azkenean ez du ezertarako balio. Garrantzitsuena egunerokoa da. Jendeak arrapaladan egiten du erregimena kiloak kentzeko, baina gero kilo horiek berreskuratu egiten dira.
Azken aldian arazoak ditut ondo lo egiteko. Zer produktu natural hartu ahal izango nuke arazoari aurre egiteko?
Ondo joaten dira infusioak: pasiflora, tila edo amapola. Garrantzitsua da oheratu baino bi ordu arinago afaltzea, gutxienez. Eta baso bete esne hartzea ere ondo joaten da.
Azterketa garairako zer gomendatuko zenuke jatea? Dieta berezirik edo?
Fruitu sikuak onak dira, karbohidratoak ere: arroza, pasta... Fruta jatea ere komeni da eta baita fosforoa dituzten jakiak ere: txokolatea edo soja-lezitina, esaterako. Ona da, baita ere, ginko biloba, buruko zirkulazioa hobetzen duen belarra.
Askotan irakurri dut emakume famatuek alkatxofaren dieta erabiltzen dutela argaltzeko. Zerbait egiten al du horrek? Egia al da hainbeste argaldu zaitezkeela? Eta astigar ziroparena? Noiz da ona egitea?
Osatze garbigarri moduan, udaberrian egitea da ona. Alkatxofak berak gibela eta besikula garbitzen ditu, eta beragaz batera jaten duzunaren arabera, garbitu egiten du organismoa. Sabia-ziropa ere depuratiboa da, baina argaltzeko egiten duenak kiloak kentzen ditu momentuan, baina dietak jarraipena eduki behar du.
Uda heltzen denean beti gabiltza argaldu nahian. Mirakuluak egiten dituzten produktuak existitzen ez direla badakit, baina zerk lagundu dezake argaltzen, dieta garbi bat egiteaz aparte?
Alde batetik, aminoazidoak daude. Horiek grasak erretzen laguntzen dute. Bestetik, algak tiroidesa aktibatzeko lagungarriak dira. Gero, badaude belar diuretikoak, likidoen erretentzioarentzako onak direnak. Garrantzitsua da baita ere idorreria jagotea.
Infusio asko hartzen ditut, lasaitzen eta digestioa egiten laguntzen didatelako. Egunean hiru edo lau hartzea txarra izan daiteke? Zein infusio dira onenak, zure ustez, lasaitzeko eta digestioa egiteko?
Hiru edo lau ez dira asko, hartu daitezke. Lasaitzeko onak dira baleriana, tila, pasiflora, azahar... Eta digestioa egiteko boldoa, hierba-luisa, erregaliza, anisa eta mihilua.
Zein elikagaik edo belarrek lagun diezaioke hesteetako gaitz inflamatorioren bat duen gaixo bati?
Batez ere bifidusa dituzten jakiak hartzea da ona. Lino haziak ere onak dira hesteetako flora berritzeko. Bestalde, buztin lur zuria hartzea ere ona da, baita ikatz begetala ere.
Uda heltzeagaz batera, beroagaz edo, urtero nekatuago sentitzen naiz. Indarrik barik geratuko banintza legez. Telebistan osagarri asko iragartzen dituzte, baina ba al dago ezer naturalik horri aurre egiteko?
Erregina-jelea hartzea ona izaten da, gingsen-a, eleuterokokoak... Bizitasuna mantentzen laguntzen dute horiek.
Zer hartu daiteke biharamuna kentzeko? Ba al dago zerbait naturala?
Errefau beltza ona da, anpuluetan etortzen da. Goizean bi hartzea gomendatzen dut, nahiz eta gustu nahiko txarra duen.
Azkarrago beltzarantzeko ba al dago produktu naturalen bat?
Badaude betakarotenoa duten kapsula batzuk, eta horiek lagundu egiten dute beltzarantzen eta azalaren pigmentazioa berdintzen; hau da, mantxak eta prebenitzen ditu.
Zer egin daiteke nerbioak moteltzeko?
Norbera urduria bada, yoga egitea gomendatzen dut. Lagundu egiten dizu zure burua ezagutzen eta kontrolatzen. Kirola egitea ere ona da, igeri egitea, esaterako.
Algecirasera goaz eta kezkatuta nabil bidaiarekin, sarri mariatzen naiz eta. Bidaia luze bat egin baino lehen zer hartu daiteke ez mareatzeko?
Gengibrea oso ondo doa, bai infusioan zein kapsulatan.
Jaiak badatozela eta, zein izen daiteke betiko ogitartekoaren alternatiba?
Sandwich begetala, edo fruitu sikuen barratxoak. Dena den, aprobetxatu jaiak eta gero gerokoak.
Eguzkiak eragindako erreduren aurrean zer egin daiteke? Zer produktu erabili daiteke mina kentzeko edo, behintzat, arintzeko?
Onena aloe veraren gela da, erredura kendu artean. Gero, erredura osatu ostean, kalendularekin ondo hidratatu, azala ez jausteko.
Urek erretenitzen ditudala esan dit medikuak. Letxuga jatea txarra dela esan didate. Egia al da? Zer nolako elikadura gomendatzen duzu kasu honetan?
Letxugak, batez ere, haizeak eragiten ditu. Likidoak ez erretenitzeko onena kafea kentzea da, baita gatza eta okela ere. Horiek toxinak dira giltzurrunarentzat.
Eguzkiak sortzen dituen orbanekin zer egin daiteke? Ba al dago kremarik edo?
Behin orbanak atera direnean, eguzkia dagoenean babes osoko kremak edo eguzkirik ez hartzea da gomendagarriena. Negurako, aldiz, badago orbanak kentzeko krema bat. Baina horrek ez badu eraginik, onena laserrarekin kentzea izaten da.
############
Depuratzeko eta garbitzeko onena frutak, barazkiak, entsalada eta litro eta erdi ur edatea da
Likidoak ez erretenitzeko onena kafea, gatza eta okela kentzea; toxinak dira giltzurrunarentzat
Betakarotenoa duten kapsulek lagundu egiten dute beltzarantzen eta pigmentazioa berdintzen
############
############
############
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.