Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Ea
2009ko urtarrilak 9, Barikua

;2008-07-24;Karmen eguneko I. sukalkia. Artie dantza taldeko kide Mari Kruz Berrojaetxebarriak eta Aitziber Ribasek egindako sukalkiak irabazi du Karmen eguneko txapelketaren lehenbiziko edizioa.

Artie dantza taldeko kide Mari Kruz Berrojaetxebarriak eta Aitziber Ribasek egindako sukalkiak irabazi du Karmen eguneko txapelketaren lehenbiziko edizioa.

Karmen eguneko I. sukalkia

MIREN KORTA

Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoak Karmen eguna ospatu zuen domekan. Herriko kultura batzordeak sukalki txapelketa antolatu du aurten jaiak suspertzeko. «Lehen egun osoko jaia zegoen: erromeria, soka-tira, igelaren jolasa... Auzokoek parte hartzen zuten gehienbat, baina apurka-apurka ohitura galdu zen». Beraz, antolatzaileek, «herritar guztiei» zabaldutako jaia berreskuratzeko, «harrera ona» izan duten lehiaketa eta herri bazkaria prestatu dituzte aurten.

Artie dantza taldeko kide Aitziber Ribasek azaldu duenez, antolatzaileek esfortzu berezia egin dute parte-hartzea bultzatzeko. Kultura Batzordeak «lehengaiak jarri ditu eta parte-hartzaileek, ordea, sua eta lapikoa». Azkenean, zortzi izan ziren sukalkiak aurkeztu zituzten bikoteak. «Batzuk herriko elkarte bezala aurkeztu ziren, eta beste batzuk banaka eta koadrila moduan». Horrela, Artie dantza taldea, Montorre eskola, herriko gazteak eta koadrila desberdinetako kideak izan ziren sukalki txapelketan.

Artie, irabazle

Domeka egun euritsua izan arren, parte-hartzaileak «goizean goizetik» hasi ziren jatekoa prestatzen. Bitartean, Karmen eguneko mezaren ostean, herriko dantza taldeak saioa egin zuen plazan. Gainera, urtero legez, herriko talde bati egokitu zitzaion txosna jartzea. Aurten Montorre eskolako kideen txanda izan da. Ribasek azaldu duenez, «jai giro izugarria sortu zen trikitilarien laguntzagaz».

14:30ean egindakoa aurkezteko ordua heldu zen. Epaimahaiak «gatz puntua, aurkezpena eta gustua» baloratu zituen. Hala ere, irabazleen izenak ezagutarazi aurretik, parte-hartzaileek bazkari herrikoari ekin zioten. «Hasieran frontoian egiteko asmoa sortu zen, euriaren mehatxuaren ondorioz, baina, azkenean, bertan geratzea erabaki genuen eta zortea izan genuen, ez zuelako euri gehiagorik egin».

Bazkalostean, epaimahaiak Karmen eguneko I. sukalki txapelketako irabazleak hautatu zituen. Lehenengo saria Artie dantza taldeko Mari Kruz Berrojaetxebarriak eta Aitziber Ribasek eskuratu zuten. Epaimahaiak herriko gazteek egindako sukalkia aukeratu zuten bigarren postuan. Sukalkia Aitor Goikoetxeak eta Gorka Muniategik egindakoa zen. Hirugarren saria, berriz, Montorre eskolako kide Jon Torrek eta Antonio Gomezek jaso zuten.

Hala ere, Ribasek argitu zuenez, «parte-hartzaile guztientzako sariak» banatu zituzten. Jai giroa egun osoan zabaldu zen eta baten batzuk gauez ere ospatu zuten, «astelehena lan eguna izan arren».

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.